Atzerrian praktikak egiteko Epez bekek izena emateko epea ireki dute

Eskaerak abenduaren 21era arte aurkeztu ahal izango dira.

Asteazkena, 2013ko abenduak 7

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak Epez beken seigarren deialdia abiarazi du. Aurten, Bizkaian erroldatuta dauden 30 urte baino gutxiagoko 50 tituludunek praktikak egin ditzakete Italia, Britainia Handi, Portugal, Austria, Txekiar Errepublika eta Alemaniako enpresetan.

Praktikek 14 asteko iraupena dute eta 2012ko martxotik uztailera bitartean egingo dira. Lehen hiru asteetan parte hartzaileei kultur ezagutzak emango zaizkie antolatutako jardueren bidez, baita bisita turistiko eta herrialde hartzailearen hizkuntza hobetzeko ikastaroen bitartez ere.

Hasierako "prestakuntza" horren ondoren, tituludunak enpresa batean sartuko dira unibertsitatean ikasitakoa praktikan jartzeko. Bigarren etapa horretan enpresa hartzaileak haien eskura jarriko duen tutore baten aholkularitza izango dute. Tutore horrek parte hartzailearen integrazioa gainbegiratu eta praktikan planteatutako helburuak bete daitezen lagunduko du.

Epez Beken helburua da, UPV/EHUtik adierazten dutenez, "ikasleen perspektibak hobetzea gaitasunak garatuz, lan merkatuari modu arrakastatsuan aurre egin diezaioten". Ematen den diruak herrialde hartzaileko egonaldiaren gastu nagusietarako balio du: bidaia, aseguruak, prestakuntza, ostatua… Seigarren deialdi honetarako honakoen laguntza izan dugu: BBK Fundazioa, Getxolan, Durangaldeko Behargintza eta Lanbide.

Deialdia

    2011/12/21era arte
    Aurkezteko tokia: Bizkaiko Campuseko Enplegu Gunea (Basoko Etxea, Sarriko)
    Baldintzak:
    - UPV/EHUko tituluduna izatea
    - Bizkaiko Lurralde Historikoan erroldatuta egotea
    - Herrialdeko hizkuntzan ahoz mintzatzeko gaitasuna izatea, eta horren froga erakusteko moduan egotea, edo, bestelakorik ezean, ingelesezko gaitasuna.
    - 30 urte baino gutxiago izatea

Ranking Berriak