Guztira, UPV/EHUko 12 sail eta 4 ikerketa-zentrotatik aurkeztutako 68 argazkik parte hartu dute lehiaketa honetan.
Asteartea, 2013ko urtarrilak 17
Sergio Seoaneren "Todos los días sale el sol" izeneko argazkiak irabazi du Biomedikuntza arloko Mikroargazkigintzako III. Lehiaketa. Lehiaketa hau UPV/EHUren Ikerkuntzarako Zerbitzu Nagusiaren (SGIker) baitan dagoen Biomedikuntzako Mikroskopia Analitikoa eta Bereizmen Handikoaren zerbitzuak antolatu du, eta, bere helburua, Biomedikuntzan mikroskopia optikoaren eta elektronikoaren arloan UPV/EHUn lortutako emaitzak hedatzea da. Edizio honetan, guztira, UPV/EHUko 12 sail eta 4 ikerketa-zentrotatik bidalitako 68 argazkik parte hartu dute.
Sergio Seoane, UPV/EHUko Landareen Biologia eta Ekologia saileko doktore eta ikerlariak aurkeztutako argazkiak duen indar bisuala, zailtasun teknikoa eta erakutsitako emaitzaren garrantzia azpimarratu du epaimahaiak. Ekortze-mikroskopia elektroniko bitartez hartutako irudi honek, Emiliania huxleyi kokolitoforido baten azalera erakusten du, hau da, gaitasun fotosintetikoa duen itsas-alga zelulabakarra. Tamaina eskasa izan arren, metroaren 5 milioirena, organismo hauek oso garrantzitsuak dira itsas ekosistemarentzat, gure itsasoen kate trofikoaren oinarriaren parte direlako.
Bere azalera bitxi horren ikerketa mikroskopikoak ozeanoetan bizi diren zelulabakarreko izaki horiek identifikatzeko aukera ematen du.
Bigarren saria, Cristina Marcos Arias UPV/EHUko Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia saileko ikerlariarentzat izan da, "La huella de Cándida" argazkiagatik. Mikroskopia estereoskopikoaren bidez hartutako irudi honek Candida generokoak diren legamia espezie desberdinak identifikatzen ditu.
Eta, azkenik, hirugarren saria Asier Ruiz UPV/EHUko Neurozientziak saileko doktorearentzat izan da, "El abrazo" izeneko argazkiagatik. Mikroskopia fokukidez lortutako irudi honek arratoien garun-azaleko hiru neurona erakusten ditu lehen mailako kultibo zelular batean.
Saritutako irudiak, eta baita lehiaketara aurkeztutako gainerakoak ere, Ikerkuntzarako Zerbitzu Nagusiaren web gunean ikus daitezke: http://www.ehu.es/SGIker/fotos/.