Hiri-eremuetako landarediak karbonoa pilatzen du eta berotegi-efektuko gasen isurpena murrizten laguntzen du

Journal Applied Ecology aldizkari espezializatuak argitaratuta, Europako hiri-eremu batek pilatu dezakeen karbono-kopurua neurtzen duen lehen ikerketa da.

Asteartea, 2013ko otsailak 14

Hiri-eremuetako landarediak karbonoa pilatzeko eta isurpenak murrizteko aski onuragarria izan daiteke. Hori da Kenteko Unibersitateko (Erresuma Batua) Durrell Kontserbazio eta Ekologia Institutuak (DICE) egindako ikerketak ondorioztatu duena. Ikerketak frogatu egin du hiri-eremuetako landarediak nabarmen lagun dezakeela karbonoa xurgatzen, eta xurgapena are handiagoa izan daitekeela baldin eta zuhaitzak landatu eta kontserbatzen badira, horiek pilatzen baitute karbono-kopuru handiena.
  
Munduko biztanleriaren erdia baino gehiago hiritan bizi da, eta hiri-eremuak lurzorua baliatzeko beste edozein modu baino azkarrago ari dira hedatzen; munduko azaleraren % 4 gutxi gora-behera urbanizatutzat hartzen da.

Satelite bidez lortutako datuak eta tokiko parke eta lorategietan in situ bildutako informazioa erabilita, ikertzaileek Leicester hiriko landaredia aztertu zuten, barne hartuta lorategi pribatuak, parke publikoak, golf zelaiak, utzitako lur eremu industrialak, errepide bazterrak eta ibaiertzak.

Ikerketaren bidez landarediak pilatutako 230.000 tona karbono baino gehiago aurkitu ziren, kalkulatutakoa baino kopuru askoz ere handiagoa.

Ikerketaren egilearen arabera «zuhaitzak, batez ere handiak, babestu eta kontserbatu beharko genituzke. Leicesterreko lurzoru publiko gehienak belar-zelaiak dira. Lurzoruen % 10 zuhaitzez betetzearekin bakarrik, hiriko karbono-biltegia % 12 handituko genuke».

Ikerketatatik ateratako datuak aurrerapauso garrantzitsua dira isurpenak murriztearen inguruan herrialde bakoitzak dituen helburuak lortze aldera; Erresuma Batuaren kasuan, 1990eko datuetan oinarrituta % 90 gutxitu behar dituzte isurpenak 2050erako.

Ikerketako emaitzek agerian uzten dute landaredi-biltegiak izateak eta behar bezala kokatzeak eta kudeatzeak onura potentzialak dakartzala.

Ranking Berriak