Gasteizko alkate Javier Marotok lankidetza hitzarmena sinatu du Daisalux SAU enpresako zuzendari nagusi José Antonio Fernández de Arróyaberekin.
Astelehena, 2013ko apirilak 30
Gasteizko alkate Javier Marotok lankidetza hitzarmena sinatu du Daisalux SAU enpresako zuzendari nagusi José Antonio Fernández de Arróyaberekin; horren bitartez, duela 25 urte baino gehiago sortutako entitate hori ?Vitoria-Gasteiz European Green Capital 2012? ekitaldiaren laguntzaile bihurtu da. Hitzarmenaren bidez, larrialdietarako argiztapenaren alorrean lan egiten duen enpresak 25.000 euro emango du ekitaldia sustatu, zabaldu eta laguntzeko eta horren mezenas izateko.
"Daisalux jarraitzeko moduko eredua da, bai haren ingurumen kontzientziagatik bai haren izaera ekintzailerengatik. 80ko hamarkadaren bukaeran jaio zen, beharrak hartaratuta, fundatzaileak lanik gabe eta egoera ekonomikoa beltz batean zeudelarik. Hala ere, ez zuten etsi, eta hasiera-hasieratik besteengandik bereizten saiatu ziren, produktu berriak atereaz, diseinu kontzeptu berriak landuz eta funtzionaltasun berriez hornituz, beti ere ingurumen iraunkortasuna kontuan harturik".
Esaterako, instalazioak kalkulatu eta mantentzea kudeatzeko software berezia garatu zuten eta, horri esker, 90eko urteen bukaeraz geroztik argi adimentsuak sortu dituzte, mantentze lanak gutxitzea ahalbidetzen dutenak; "horrek onurak dakartza ekonomiari, denborari eta ingurumenarekiko errespetuari dagokienez. Ekonomia berdearen eredua da, zeinean Gasteiz aitzindari bihurtzen ari baita ", zehaztu du alkateak.
Daisaluxek ingurumenarekin hartutako konpromisoa agerikoa da, hain zuzen ere "eko-diseinuaren" irizpideak -garapen fase kontzeptualetatik hasita produktuaren bizitzaren azken fasearekiko eta horren ondorioekiko kezkaraino- negozioaren lehen lerroan jarri duelako enpresa, eta estatuko zein Europako instalazio handienekin lan egitera eraman. Izan ere, 2002an Ingurumenaren Europako Sariaren Espainiako sekzioaren produktuen ingurumen berrikuntzaren saria hartu zuen Asturiasko printzearen eskutik, "Eko-diseinuaren aplikazioa larrialdietarako lanpara batean" izeneko proiektuarengatik. Urte berean, Ingurumenaren Europako Sariaren EAEko sekzioaren saria ere lortu zuen, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak eta ingurumen kudeaketarako IHOBE sozietate publikoak emana.
Enpresak hazten jarraitu du, prozesuak modernizatzen eta produktu berriak sartzen, baina beti ingurumenarekiko begirunea ahaztu gabe, kontsumoari, materialei, mantentzeari eta birziklatzeari bigira. Esate baterako, 2010ean ISO 14001 ziurtagiria lortu zuen, ekoizpen prozesuak ingurumen irizpide berri horien arabera normalizatzearren.
"Europar Batasuneko Batzordeak Gasteiz 'European Green Capital' izendatu zuenean, parte hartu behar genuela jakin genuen, hiriaren barruan gure sektorearen ingurumen garapena sustatzeko. 2020ra arte europar agendan funtsezkoa izango den gai bati buruz eztabaidatu, hausnartu eta sentsibilizatzeko erdigunea izango da 2012an urtean Gasteiz, eta horregatik hiriarekin bat egin nahi dugu karbono maila txikiko ekonomia berrira aldatzeko bidean", baieztatu du Jose Antonio Fernández de Arróyabek.