Bainujantziak eta gorputzaren erakusketa XX. mendeko historia alternatiboa Balenciaga Museoan

Atzerabegirakoak XIX. mendeko bainatzeko soinekoetatik hasi eta XXI. mendeko bainujantzi teknologikoetara arteko jantziak biltzen ditu.

Asteazkena, 2013ko ekainak 20

Cristóbal Balenciaga Museoaren hurrengo proposamenak Mendebaldeko bainu modaren mende bat baino gehiago jorratzen du. Atzerabegirakoak  XIX. mendeko bainatzeko soinekoetatik hasi eta XXI. mendeko bainujantzi teknologikoetara arteko jantziak biltzen ditu.

Erakusketak Mendebaldeko bainu modaren 100 urte baino gehiago ezagutzeko aukera emango du, eta bainujantzien bilakaera estetikoa eta tekniko azalduko ditu. Beverley Birks moda aditu eta erakusketaren komisarioak 57 pieza bildu ditu 40 urteko baino gehiagoko ibilbidean, zaharrena 1880koa eta berriena gaur egungoa.

Erakusketa osatzeko, material grafikoen eta ikus-entzunezkoen sorta egongo da ikusgai: Donostiako Kontxa hondartzaren zenbait argazki, Kutxaren funtsetatik ateratakoak. Bainujantziak eta gorputzaren erakusketa. XX. mendeko historia alternatiboa irailaren 23ra arte egongo da ikusgai Aldamar Jauregian.

Bainu modaren hastapenak
1860ko hamarkadan, itsas ertzean kokatutako orgatan aldatzen zuten arropa emakumeek, eta etxola moduko horien atzean bainatzen ziren ezkutuan. Gizonak, aldiz, askatasun osoz ibiltzen ziren igerian eta gorputzaren formetara egokitzen ziren puntuzko bainujantziak erabiltzen zituzten. Emakumeak beste sexuak zuen janzkera askatasuna aldarrikatzen hasi ondoren, berehala iritsi zen moda hondartzetara. 1860ko hamarkadaren amaieran, Harper’s Bazaar aldizkariak hainbat irudi argitaratu zituen irakurleei hondartzara joateko edo bainatzeko zer jantzi behar zuten azaltzeko.

Bainurako lehenengo jantziek ez zuten ia mugitzeko askatasunik ematen, eta erabat estaltzen zuten emakumearen gorputza. Lehendabiziko bainulariek kortseak erabiltzen zituzten; eta horiez gain, galtzek tapatzen ez zutena tapatzeko galtzerdiak eta bainatzeko oinetakoak.

XX. mendean gehien eboluzionatu duen jantzia
XX. mendearen hasieran hasi zen bainujantzien eboluzioa, kulturako, ekonomiako eta gizarteko joerak Mendebaldeko emakumeen estatusa eraldatzen hasi zirenean. Eraldaketa horrek osasunarekiko eta ariketa fisikoarekiko beste jarrera bat ekarri zuen: beste garai batzuetan ez bezala, Atlantikoaren bi aldeetako emakume gazteak kirola sustatzen eta egiten hasi ziren. Bainu modaren garapenak eragin sakona izan zuen gorputzarekiko eta emakumeen edertasun kanonarekiko gizarte jarreretan.

Fetixa goi mailako joskintzako moda sortzaileentzat
Bainujantzia, jatorrian hainbeste iraindutako jantzia, moda sortzaileen fetix bihurtu da orain. Erakusketan, joan den mendeko goi-mailako joskintzako jostun garrantzitsuek moda-estilo jakin honi egindako ekarpenak ikusi ahal izango dira, baita bainu-piezen diseinuak eta prestaketak sortutako ehungintzaren iraultza bera ere. Yves Saint Laurentek, Lacroixek, Hermések, Schiaparellik, Puccik eta Alexander McQueenek diseinatutako piezak ikusi ahal izango dira, beste sorkari batzuen artean.

Beverley Birksi buruz
Beverly Birks jantzi historikoetan aditua da, eta piezen bilduma handia du, zaharrena XIX. mende amaierakoa. Orain dela 25 urtetik hona, moda erakusketak antolatzen ditu mundu osoan. Nabarmentzekoak dira Pennsylvaniako Unibertsitaterako, New Yorkeko Katonah Galleryrako, Londresko Lancaster Houserako eta Tokioko tokyu Department Storerako egindako lanak.
Beverly Birks erakusketaren komisario eta moda adituak hitzaldi bat emango du datorren larunbatean, ekainaren 16an, Cristóbal Balenciaga Museoko areto obalean. 12:30etik aurrera, jantzi historikoetan aditua denak erakusketaren edukiari eta horren bestelako alderdi tangentzialei helduko die.

 

Ranking Berriak