Soja-proteina isolatua soja-olioaren ekoizpenaren azpiproduktua da, eta Pedro Guerrero doktoreak prestatutako material biodegradagarrien lehengaia izan da.
Osteguna, 2013ko ekainak 21
Gaur egun, plastikoen erabilera oso hedatuta dago, hainbat arlotan. Hala ere, plastiko sintetikoak ekoizteko baliabide ez berriztagarriak erabiltzeak ingurumen-eragin handia dauka. Zehazki, ontzien sektoreak ez biodegradagarriak ez berriztagarriak ez diren polimeroak modu intentsiboan erabiltzearen ondorioz arazo larria sortzen ari da hondakinen kudeaketan, nagusiki hiri-hondakinen kudeaketan. Izan ere, helburu horretarako erabilitako materialak, normalean, behin erabilita bota egiten dira.
Biopolimeroetan oinarritutako ontzien diseinuak hainbat alderdi izan behar ditu kontuan, nahi den aplikaziorako eskatutako propietateak dituzten materialak ekoitzi ahal izateko. Horren jakitun izanda, Pedro Guerrero ikertzaileak material biodegradagarriak lortu ditu, material sintetikoak lortzeko erabiltzen diren prozesatze-teknikak baliatuta, industria-azpiproduktu bat (soja-proteina) balorizatuta elikagaien ontziak fabrikatzeko.
UPV/EHUn aurkeztu duen nazioarteko doktorego-tesiaren izenburua 'Processing and characterization of soy protein-based materials' da, eta Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurumenaren Ingeniaritza Saileko Material Berriztagarrien Ingeniaritzako doktorego-programan inskribatuta dago.
Soja-proteina lehengai gisa
Landare-proteinak kopuru handian daude eskuragarri, eta soja-industriako hondakinak dira bolumen handiena dutenak, bereziki olio-ekoizpenean sortutakoak. Solbatzaile bidezko erauzketa industria-prozesua da, eta gaur egun soja-olioa lortzeko erabiltzen da; prozesu horretan, soja bi frakziotan banatzen da: olio gordina (sukalde-olioan transforma daiteke), eta proteina-frakzio bat (soja-irina) (isolatuan eta kontzentratuan transformatzen da).
Proteinak ontzien esparruan aplikatzeko propietate potentzialak dituzten biopolimeroak dira; izan ere, egoera lehorretan barrera-propietate onak dituzten filmak eratzeko gaitasuna daukate. Horrez gain, biodegradagarriak direnez eta baliabide berriztagarrietatik datozenez, abantaila garrantzitsuak eskaintzen dituzte ingurumen- eta ekonomia-ikuspuntutik. "Hala ere, proteinetan oinarritutako filmak hauskorrak dira, eta hezetasunarekiko erresistentzia txikia daukate. Beraz, aldatu egin behar dira, zerbitzu-baldintzetan material erabilgarriak ekoizteko. Tesiaren xedea hau izan da: hezetasunaren xurgapena murriztea, eta, aldi berean, soja-proteinarekin ekoitzitako materialen propietate mekanikoak hobetzea. Horretarako, proteinaren talde polarrekin elkarreragin dezaketen substantziak gehitu behar dira; horrela, bere izaera hidrofilikoa eta hezetasunaren xurgapena murriztuko lirateke, eta, aldi berean, plastifikatzaile modura jardun ahal izango dute, ekoitzitako materialaren hauskortasuna murriztuz. Horrez gain, prozesatzearen baldintzek ere materialaren propietateetan eragiten dute. Beraz, prozesatzearen optimizazioa tesiaren beste helburu bat izan da", azaldu du Pedro Guerrero ikertzaileak.
Zerbitzuan propietate egokiak dituzten produktu biodegradagarriak
Lan honetan, funtzio-propietate bikainak dituzten material gardenak lortu dira, eta horiek ohiko industria-teknikekin prozesatu dira (estrusioa, konpresioa). "Horrez gain, materialen propietate mekanikoek aldatu gabe jarraitzen dute bi hilabetez biltegiratuta egon ostean; hori oso interesgarria da material horiek ontzietarako aplikatzeari begira. Bestalde, argi ultramorearekiko erresistentzia bikaina da, eta horrek adierazten du material horiek ahal handia daukatela elikagaietarako ontzitzat erabiltzeko. Izan ere, ontziratutako produktuan argiak eragiten duen oxidazioa atzeratu egiten dute. Nabarmendu behar da, baita ere, lortutako materialak oxigenoarekiko duen iragazkortasuna eguneko 10 g/m2 baino txikiagoa dela; horrek adierazten du material iragazgaitzak direla", esan du, amaitzeko, Guerrerok.