Gasteiz Europako Hiriburu Berde izendatu izana erabakigarria izan da nazioarteko turismo gida famatuak edizio berezia eskaintzeko.
Asteartea, 2013ko uztailak 24
Gasteizko Udaleko Ekonomia Sustapenerako zinegotzi Fernando Aránguizek aurkeztu du gaur goizean, GeoPlaneta- Lonely Planeta argitaletxeko zuzendari Olga Vilanovarekin eta testuen egile Edurne Bazekin batera, Lonely Planet turismo gida ospetsuak euskal hiriburuari buruz egindako edizioa, zeina uztailetik aurrera estatuko hiri turistiko nagusiekin batera agertuko baita. Europako Hiriburu Berdea sariari esker, Gasteizek Hurbiletik bilduman bakarka agertzeko besteko erakargarritasuna lortu du; Espainiako beste lau hiriren gidak eskaintzen ditu bildumak: Madril, Bartzelona, Valentzia eta Granada. Gidari esker, Gasteiz 3.800 liburu-dendatan (Espainian zein Latinoamerikan) egotea lortuko da.
Gasteizek bere Lonely Planet gida izatea lortu du, Europako Hiriburu Berdeari bakarrik eskainia. Izan ere, hiriak dituen erakargarriak eta European Green Capital izendapenak kontuan hartuta, GeoPlaneta argitaletxeak -Lonely Planet gidak Espainian argitaratzen ditu- erabaki du euskal hiriburua "Hurbiletik" bildumaren barruan sartzea "Harrotzeko modukoa da gida hau izatea, mundu mailan oihartzun hori lortu duen estatuko bosgarren hiria baikara. Udaleko Turismo Sailak laguntza eman dio argitaletxeari hiriari buruzko informazioa osatzerakoan, baina haien independentziari oztoporik jarri gabe, horrexegatik baita erreferentziazko gida bidaiarientzat.
Ziur gaude gida gure hirira erakartzeko funtsezko baliabidea izango dela, eta arrakastatsua, dagoeneko oso turismo datu onak lortzen ari bagara hemendik aurrera mundu osoko bidaiariek jakin ahalko baitute zergatik den ezinbestekoa Europako Hiriburu Berdea bisitatzea", adierazi du zinegotziak.
Udalak 1.000 ale jasoko ditu, turismo bulegoan salgai jartzeko, 12,90 euroan. Guztira 4.000 ale argitaratuko da, eta Espainiako eta Latinoamerikako liburu-dendetan banatu eta ezagutaraziko da. Bestetik, GeoPlaneta-LonelyPlanetek promozio kanpainak egingo ditu zenbait komunikabidetan, bereziki bidaietan espezializatutakoetan eta web, sare sozial eta antzekoetan (twitter, blogak, GeoPlaneta eta Lonely Planeten berriak...) gida zabaltzeko asmoz, eta ondorioz, Gasteiz hiria ezagutarazteko.
Lonely Planet gidak independentzia ospea lortu du, urte askotan egindako bidaia eta lanetan egiaztatua, eta xehetasunak fideltasunez jasotzen ditu. Gasteizi buruzko gida berria gaztelaniaz argitaratutako 150 izenburuk baino gehiagok osatutako bildumari gehituko zaio, eta hiria bidaiari handientzako destino gisa kokatzen lagunduko du. Hirurogeiko urteetan sortu zenez geroztik, Lonely Planet giden 100 milioi ale baino gehiago argitaratu dira mundu osoan, eta nazioarteko katalogoak 500 izenburu baino gehiago dauzka.
"Vitoria-Gasteiz De Cerca" gidaren 144 orrialdeetan bidaiariek hirian ihesaldi batez edo egonaldi labur batez gozatzeko behar duten oinarrizko informazioa aurkituko dute. Hiriko monumentu eta museo interesgarrienei buruzko informazioa eskaintzen du, bai eta jatetxe, denda, hotel eta turismo erakargarritasunen zerrenda zaindua ere. Praktikoa eta erosoa izan nahi du, eta egileak hiriaz gozatzeko aholku baliotsuak ematen ditu. Besteak beste, atal hauek ditu: koloretako mapa tolesgarria, auzoetako planoekin; egilearen gomendioak leku interesgarriez, jatetxe, denda eta aisialdiko guneez; ibilbide apartak eta alderdi nabarmengarrienen laburpena, bisitari ahalik eta etekin handiena ateratzeko, eta bertako adituen aholkuak, hiriaren alderdi ezkutuak ezagutzeko.
Gidaren lehen orrialdeetan Gasteiz bisitatzen duten bidaiariek ezinbestean probatu beharreko 11 esperientzia gomendatzen dira:
1. Antzinako hiriak harrapa zaitzan uztea.
2. Katedralaren barrunbeak ezagutzea.
3. Film agertoki batean sartzea.
4. Arkupeak igaro eta San Migeleko balkoira iristea.
5. Andre Maria Zuriaren plazan mahai bat lortzea.
6. Senda ibilbidean barrena Armentiaraino joatea.
7. Terraza batean esertzea, besterik gabe begira.
8. Eraztun Berdean naturarekin berriro topo egitea.
9. Pintxo-Potearen ibilbideari ekitea.
10. Muralek fatxada zaharren gainean egin duten miraria egiaztatzea.
11. Maletan lekua egitea, produktu gastronomiko tipikoak eramateko.
GASTEIZKO GIDAREN ATARIKOA
"Ordura arte bere esku zeuden destino ugariek liluratuta, bidaiariari alboko bizilagunak eman zion arreta halako batean. Hiri apala, soila eta lotsatia, bat-batean haren begietara xarma eta erakargarritasunez betea ageri zena. Non egon zen ezkutatuta bitartean?"
"Maitemintzea ezinbestekoa zen. Victor Hugori gertatu zitzaion; José Bonarpateri gertatu zitzaion, ordain bera jaso ez bazuen ere; Ken Folleti gertatu zitzaion, eta idilio hartatik liburu bat sortu zen; Wynton Marsalisi gertatu zitzaion, eta disko bat izan zen emaitza; eta beste bisitari askori, haien aurretik edo atzetik."
"Harekin partekatutako orduak ez dira erraz ahaztekoak. Hainbeste xarma, hain leku txikian. Kilometrotako zidorrak, oinez edo bizikletaz ibiltzeko. Eraikinen artean ageri den natura bizia. Arkitektura bidaia, eraikin gotiko, errenazimenduko, neoklasiko eta modernoetan barrena. Erdi Aroko hirigune perfektua, zeinaren inguruan hiria era antolatu eta simetrikoan hedatzen baita, iraganetik orainera pixkanaka igaroz, eta etorkizun osasuntsua duena, naturak osatutako eraztun berdearen birikek bermatua.
"Eraztun hori berreskuratzeari esker, bai eta beste alor batzuetan (garraioa, hirigintza, ingurunearekiko errespetua eta bionaztasunaren babesa) egindako esku-hartze eta ahaleginei esker izendatu dute 2012ko Europako Hiriburu Berdea".