Erosteko esperientziara aplikaturiko teknologia berriek proba-bankua izango dute Punto Dendan

Donostiako merkataritza sustatzeko eta berritzeko gunea izango da, eta dendariei, kontsumitzaileei eta atzerritarrei aukera emango die komunikazioaren teknologia berrien bidez esperimentatzeko eta sozializatzeko.

Ostirala, 2013ko abuztuak 3

Donostiako Sustapenak, hiriko merkataritza bultzatzeko ildoaren barruan, Punto Denda inauguratuko du (Gipuzkoa plaza, 7); hau da, Donostiako merkataritza-bulegoa, tokiko merkataritza indartu nahi duena, eta, horretarako, hiriko merkataritza-eskaintza osoaren inguruko informazioa eskainiko du.

Kontsumitzaile, profesional, tokiko merkataritza eta Donostiari lehiakortasuna eta berrikuntza ekarriko dioten agenteentzako topagunea da, eta hori guztia sektore bati dagokionean; hots, merkataritzari. Merkataritzan 13.238 pertsona daude lanean, eta hiriko Barne Produktu Gordinaren %11,7 sortzen du.  

Punto Dendak dendarientzat dituen helburuen artean, hauek aipatu behar dira: lehiakortasun komertziala finkatzea ikus-entzunezko teknologien eta teknologia digitalen bitartez; merkataritzako azken joerak eta berrikuntzak eskaintzea; hiriko merkataritzarentzat topagunea izatea, prestakuntza-zentroa eta joerak aurkezteko gunea eta herritar berritzaileentzako helmuga. Era berean, Punto Dendaren asmoa da Donostia hiri berritzaile gisa erakustea, negozioa eta kultura konbinatzeko gai dena, nazioarteko adituak hartzeko lekua eta merkataritza-arloan erreferentea izango dena.

Era horretan, esperientziak, ezagutzak eta jardunbide egokiak partekatzeko topaketak sustatuko ditu, negozioak hobetu nahi dituzten merkatarientzat prestakuntza eta berrikuntza gune gisa balio izatearekin batera.

Halaber, espazio modernoa eta sartzen erraza izango da, produktu berritzaileak aurkezteko erabiliko dena, eta Donostialdean kokatutako ikertzaileak (guztira, 1.795 ikertzaile) orientatzeko eta aholkatzeko balioko du; azken horiei ingelesez artatuko dituzten denden katalogoa eskainiko die, besteak beste.  

Kontsumitzaileentzat ere izango dira Punto Dendak eskainitako zerbitzuak, informazioa eskainiko baita pertsona bakoitza bere gustuen arabera orientatzeko merkataritza-eskaintzarik egokienera. Topaketa-puntu horretan, poltsak gordetzeko kontsigna izango da; baita, IT sarrera-puntua ere, sustapen, eskaintza, berrikuntza eta abarren gaineko informazioa eskainiko duena. Informazio hori Bluetooth, QR codes edo informazio-guneko WIFI bidez behera jaitsi ahal izango da. Horrez gain, badira marketing interaktiboaren gailuak, sustapen, opari eta guzti.

Halaber, shopper langileak egongo dira, kontsumitzaileari bere premien arabera aholkuak emate aldera denda berrien edo ordezko ibilbideen inguruan. Gainera, laster, Punto Dendak etxez etxeko zerbitzua izango du, erosketa bakoitza egin eta gero gozatzen jarraitu nahi dutenentzat. Zerbitzua oso praktikoa eta eraginkorra da, eta soilik atxikitako dendek eskaintzen dute.

Punto Denda irekita izango da datorren astelehenetik, uztailaren 16tik, aurrera. Astelehenetik larunbatera, 11:00etatik 14:30era eta 15:30etik 19:00etara irekiko da.

Ranking Berriak