225 udaltzainek bermatuko dute segurtasuna Andre Maria Zuriaren jaietan

Guztira 225 udaltzainek bermatuko dute egunero segurtasuna abuztuaren 4tik 9ra arte, Andre Maria Zuriaren jaietan.

Ostirala, 2013ko abuztuak 3

 Landu den segurtasun antolaketan, ahalegin berezia bideratuko da lapurretak eragoztera, jendetza biltzen denean delitu ohikoena baita.

Guztira 225 udaltzainek bermatuko dute egunero segurtasuna datorren larunbatetik abuztuaren 9ra arte, Andre Maria Zuriaren jaietan. Marian Castellanos zinegotziak aurkeztu duen antolaketaren azken helburua da "jaiak ahalik eta arrisku gutxienez igaro daitezen, eta zerbitzu publikoen bidez segurtasun maila onena mantentzeko ahaleginak handitzea".

"Udaltzainak jaigune guztietan egongo dira", adierazi du zinegotziak, eta "herritarren laguntza" eskatu du, bereziki bi alderdiri dagokienez: Zeledonen jaitsieran beira erabiltzea eta lapurretak, jendetza biltzen denean delitu ohikoena baita.

Zeledonen jaitsierari dagokionez, jendetza gehien biltzen duen ekitaldia baita (15.000 pertsona inguru), zinegotziak esan du "guztion lana" dela "ebakiek eragindako lesioak eragoztea. Laguntzeko eta gizalegez jokatzeko eskatzen dugu. Jaia ezin da segurtasunaren kontra joan".

Gainera, Udaltzaingoaren gomendioak gogorarazi ditu:
Norbera babesteko arauak
- Plazara oinetako arinak jantzita ez joatea, esaterako, txankletak, bailarinak edo espartinak. Zola gogorreko oinetakoak erabiltzea, kristalak edo objektu zaurgarriak sartzea eragozteko.
- Galtza luzeak eta galtzerdiak janztea, artatu beharreko ebakiduretako asko orkatiletan, bikietan eta belaunetan gertatzen baitira, botilak lurrera erori eta haustean altxatutako kristal zatien erruz.

Norbera kontrolatzeko eta babesteko arauak
1. Ez bota botilarik airera.
2. Kortxoa kentzean, botila gorantz begira jarri, ez jendeari begira.
3. Ez utzi botilarik lurrean.
4. Botilak zuzenean plazan jarritako edukiontzietara eraman, lurrean utzi beharrean.
5. Jai esparruan beira biltzen ari diren herritarrei lagundu.
Lapurretei eta jendeari kalean egin dakizkiokeen iruzur txikiei dagokienez -"delitu ohikoenak jendetza handia biltzen denean"- zinegotziak Gasteizko udaltzainek emandako dekalogoa gogoratu du:
1. Behar duzun dirua baino ez eraman, eta ez kopuru handitan. Ahal bada, bana ezazu dirua jantzietako leku ezberdinetan. Saia zaitez etxeko giltzak eta dokumentazioa leku berean ez eramaten.
2. Ez begirik kendu zure gauzei (poltsak, diru-zorroa, eskuko telefonoa, jaka eta abar), establezimendu publiko batean egonda ere.
3. Eraman ezazu poltsa ondo itxita, soinaren aurrealdetik gurutzatuta eta ikusteko moduan.
4. Diru-zorroa, eskuko telefonoa eta abar barneko sakeletan eraman itzazu, eta kontuz ibil zaitez jendetza biltzen den lekuetan; eman arreta berezia bultzada eta hurbiltze susmagarriei.
5. Ahal dela, kutxazain automatikoak bulego orduetan erabil itzazu; aukera itzazu bulego barruko kutxazainak, eta ez ahaztu ateak blokeatzeaz, ezezagunik sar ez dadin. Kutxazainean egiten dituzun mugimenduak besteren ikusmiratik babestu.
6. Txartelaz egin behar dituzun eragiketetarako segurtasun kodea (PINa) buruz ikas ezazu, eta ez ezazu eraman inon idatzita. Dirua ateratzeko edo txartelaz ordaintzeko segurtasun kodea markatzen duzun bitartean, ezkuta ezazu.
7. Iruzurrei aurre egiteko, ez ezazu legez kanpoko kaleko salmentako produkturik erosi. Eskaintzen diren produktuak kalitate eskasekoak izan ohi dira, eta askotan, faltsutuak edo iruzurrezkoak.

8. Kalean baimenik gabe egiten diren ausazko jokoak (trileroak), esku irakurketak eta antzeko jarduerak maula izan daitezke. Ez zaitez arriskatu, ez ezazu parte hartu.
9. Kalean limosna eskatzen dutenei dirua eman nahi badiezu aurretik ziurta ezazu beharrizana dutela edo konfiantzazko erakunde ezagun baten partaide direla. Gizarte zerbitzuak arduratuko dira pertsona horren egoeraz eta jaso ditzakeen laguntzez.

10. Edonola ere, laguntzarik behar izanez gero, jo ezazu Udaltzaingora, 092 edo 945-16 11 11 telefonoetara deituz. Herritarren laguntza eta informazioa ezinbestekoak dira delituak eragotzi eta argitzeko.

Bestetik, udaltzainen presentzia "hiri osoan egongo da bermatuta". Esaterako, Castellanosek azaldu duenez, su artifizialetan 11 agentek zainduko dute gauero ezer gerta ez dadin; zezen plazako sarbideak ere zainduko dira, zezenketetan eta blusen joan-etorrietan. Ferialekuan osasun postu finkoa egongo da jende gehien ibiltzen den orduetan, bereziki su artifizialak botatzen diren garaian, eta aire zabalean egiten diren gainerako ikuskizunetan aldez aurreko lana egingo da, bereziki ikuskizunerako erabiltzen diren behin-behineko muntatzeen segurtasunari erreparatuz, bai eta instalazio elektrikoari eta ikusleen ebakuazioarekin eta pertsonen mugimenduarekin lotutakoei ere.

Horretaz gain, Herritarren Segurtasunaren Sailak baimenik gabeko kaleko salmenta kontrolatuko du, adingabeei alkohola eta drogak saltzea eta horien kontsumoa, eta gidarien alkoholemia kontrolak; azken horiek "egunero egingo dira, txanda guztietan eta hiriko kale ezberdinetan", esan du zinegotziak.

"Ziur nago guztion artean lortuko dugula denok nahi ditugun jaiak izatea: lasaiak, seguruak, alaiak eta parte-hartzaileak", bukatu du Marian Castellanosek.

Ranking Berriak